BIOGRAFIA

Blas de Otero
Blas de Otero Muñoz Bilbon jaio zen 1916ko martxoaren 15ean.Hilabete lehenago, Nikaraguan Rubén Darío hila zen, eta Juan Ramón Jiménezek bazuen prest bere Diario de un poeta reciencasado.Naturak hutsune poetikoak utzi nahi ez balitu bezala, bi poeta horiek dira ahots iraunkorrenak etorkizuneko bilbotar poetaren prestakuntzan eta obran.

14ko gerra betean gaude, hots, neutraltasunaren babespean Espainiako burgesiari negozio itzelak egiteko bidea eman zien gerra hartan, batez ere metal industriaren alorrean.Horrelaxe, hain zuzen, emendatu zuen bere ondarea poetaren aitak, nahiz eta “hogeiko urte zoriontsuetako” ametsak bukarazi zituen 1929ko depresio ekonomikoaren ondorioak ere nozitu zituen.

Merkataritza Itsasketako kapitain baten eta mediku ospetsu baten biloba zela, Blas de Oterori hamar urte baino ez zion iraun aberaskume haurtzaroa.Etxe andereño batek (poemako Mademoiselle Isabel delakoa) familiako hiru umeak zaintzen zituen, batez ere Blas, gogokoen zuena.Zazpi urte zituela, María de Maezturen ikastetxean sartu zen, eta haren irakaskuntza abegikorrean lehen letrak ikasi zituen; alabaina, laster atera zuten babesleku horretatik Prestakuntzako eta Batxilergo Sarrerako ikastaroak jesulagunen ikastetxe zorrotz batean hasteko (“nik ez dut kulpa oroitzapena goibela izateaz”, idatziko zuen aurrerago).

Bilbon goiz nabaritu ziren gerraosteko depresioaren lehendabiziko kolpeak.Ondarea berreskuratzen saiatze aldera, aita Madrilera aldatu zen familia guztiarekin 1927an.Haurrak, han, Madrilgo kaleetako askatasuna eta haurtzaroko amodioak aurkituko zituen, eta, halaber, familiako aspaldiko tradizio bati jarraituz, Las Ventaseko zezenketa eskolan toreatzen ikasten ibili zen.Cardenal Cisneros institutuan batxiler titulua jaso zuen.Anaia nagusia nerabezaro betean hiltzeak –eta aita bi urte geroago, erabateko porrotarekin samindurik– haren etorkizuna determinatu zuten (“Letrak ikasteko asmoa nuen, baina hamasei urterekin hil zen anaia batek Zuzenbidea hasia zuen, eta familiak haren tokia betetzera bultzatu ninduen”).Blas de Oterok “besteren tokia betetzeagatik” pagatu zuena bizitza osoan zehar joan zen ikasiz eta pairatuz.

Poetak hamabost urte zituen Bilbora itzuli zenean amarekin eta bi arrebekin.Haren gain erori zen, gizonezko bakarra izanik, familiaren ekonomia kaskartua suspertzeko ardura.Bokazioaren desbideratze horren ondoren, hainbat urte uko eginez bizi izan behar izan zuen, harik eta abokatu titulua eskuratu arte; bitartean, familiaren zailtasunak ezkutatzen zizkien inguruko lagunei. Guztiak jesulagunen erlijio girotik oso hurbilekoak ziren.El pueblo Vasco egunkarianbera zen “Vizcaya escolar” orria –ikasle katolikoen organo-adierazpidea 1935ean– zuzentzen zuen “Poeta” zelakoa. Poemak argitaratu zituen, eta bere lehen poesia saria Lope de Vegaren mendeurrenean irabazi zuen.Nortasuna izan behar zuen abokatuaren eta bazen poetaren artean bananduta zuela zirudien.Horrelaxe ikusi zuen adiskide mamienen talde txikiak. Adiskideokin musika saio bilduak eta Juan Ramón Jiménezen alderako mirespena partekatzen zituen, azken hori baitzen gazte horien mentore poetikoa. Hain zuzen, Moguerreko poetak gutun ugari trukatzen zituen haiekin, eta La estación total con las Canciones de la nueva luz ere eskaini zien.Haren poesia izaten zen, klasikoenekin eta 27ko belaunaldiko lehen liburuekin batera, ohiko irakurgaia tertulietan.

Espainiako Gerra Zibilak zuzenbide ikasketak bukatu berritan harrapatu zuen Otero.Euskal Herriko bataioekin bat egin zuen sanitario gisa, eta Franco jeneralaren soldaduak Bilbon sartu zirenean Levanteko frontera bidali zuten.Gerra bukatu, eta abokatu lan egiten hasi zen Bizkaiko metalurgia fabrika batean.

Musika eta pintura kritika idatzi zuen Hierro egunkarirako, eta bere poemak argitaratzen jarraitu zuen.Argitalpen horietako bik oihartzun zabala izan zuten Espainiako iparraldeko prentsan, “Cuatro poemas” eta Cántico espiritual zeritzenek, hain zuzen. Azken hori Alea taldeak San Juan de la Cruzen IV. mendeurrena gogoratzeko Ateneoan antolatu zuen errezitaldiaren ondorioa izan zen.Poema horiek agerian uzten zuten gazte hark jasaten zuen gogo herstura, haren egiazko bokazioa –poesia sorkuntza– hipotekatzen zuen lanbide jarduera bat aurrera eramateagatik, bokazio hori bere ustez seme gisa zituen betebeharrak zirela medio sakrifikatzen baitzuen.Sakon hausnartu ondoren, fabrika utzi, eta 1943ko azaroan Madrilera joan zen Filosofia eta Letrak ikasteko, hura iruditzen baitzitzaion karrera egokiena aldi berean familiako betebeharrak eta barne-ahotsa betetzeko.Madrilen, poeta nagusiekin sartu zen harremanetan. Orduan, Dámaso Alonso eta Vicente Aleixandre zituzten maisutzat.

Halere, betebeharrak Bilbotik dei egin zion atzera ere, arreba larri gaixorik zegoela jakin zuenean; ondorioz, dagoeneko hasita zuen ikastaroa bertan behera utzi behar izan zuen.Norberaren autorrealizazioaren aldeko hain borroka tinkoan ozta-ozta mantentzen zen oreka baterako, sakrifizioak jasangarritasunaren muga gainditu zuen, eta depresio-krisi bat izan zuen.Erietxe batean sartzea erabaki zuen, baina hango sendabideek ez zuten lortu haren errebeldia moldatu eta apaltzea.

Zenbait urtez Blas de Otero etxeko bakartzean bizi izan zen, eta ez zen jendaurrean agertu harik eta Egan aldizkariak lehen zenbakian (1948ko uda) haren hamaika poema sartu zituen arte, “Poemas para el hombre” izenburupean.Angel fieramente humano liburuaren ernamuina izan ziren. Liburu horretan, berarengan 1944-45eko krisian gertaturiko eraldaketari irtenbide literarioa eman zion.Bakardadearen eta zalantza estugarrien erdian, haren katolizismo ortodoxoa, haren fedea eta haren sinesmenak zartatu egin ziren, baina itxialdi horretatik atera zen gizona bada jada bestelako gizon bat, bakarrik bere poeta benetakotasunean bere burua bizitzeko prest dagoena.

Gizarte-ingurunea, baina, ez da aldatu, eta gauza jakina da burgesiak bere arau zorrotzak ezartzen dituela eta beraien aurrean burua makurtzen duena baino ez duela babesten.Erlijio eta familia arloetako betebeharrak, amodioak, lanbidea, osotasun bereizezin baten zati dira, eta ez dute ahalbidetzen moldatu gabeko pertsonaren haustura partziala izan dadin.Ez dago aukerarik, edo salbatzea aurreko bizitza osatzen zuen guztia galduz, edo galtzea eta indarrean den araua onartzea.

1947az geroztik, Blas de Oterok bere errebolta salbatzailearen poemak idatzi zituen suharki, Ángel fieramente humano, Redoble de conciencia eta Ancia osatuko zituztenak, hain zuzen.Lehenari Adonais saria ukatu zioten 1949. urtean, literaturaz kanpoko arrazoiak zirela medio, nahiz eta aitortu zuten kalitate poetiko handienekoa zela aurkeztutakoen artean.Liburua argitaratzean, egilearen izena Espainia guztiko prentsan agertu zen bat-batean, urte haietan sorturiko poeta benetakoen eta originalentzat jota. Iritzi hori hurrengo urtean berretsi zen, Redoble de conciencia (1951) plazaratu zenean.Hizkuntza poetikoa miragarriro menderatzen zuen poeta latz bat izaki, garai hartako poesiaren panorama monotono samarraren erdian nabarmentzen zen.

1952. urtea erabakigarria da Blas de Oteroren bizitza eta obrarako.Lehen aldiz atera zen Espainiatik.Parisen, espainiar erbesteratu komunistekin sartu zen harremanetan, eta, irakurketen eta solasen bitartez, historiaren interpretazio marxista bere egin zuen; interpretazio horrek, hain zuzen, etorkizunerako harmonia nagusi den gizarte bat, guztientzako justizian eta duintasunean oinarritua, deskribatzen du.Humanismo utopiko horrek gogoa berotzen zion, eta ahotsa justiziazko eta elkartasunezko ideal batera bultzatu, bere hurbilekoei egiten zien traizioa zuritzeko adinako handitasuna zuen eginbehar zintzo bati ekinez.Poeta lanbideari justifikazio morala aurkitu dio orain, estetika etika goren bihurtuta.Errealitatea da indar menderatzailez nagusitzen zaiona eta gai berrietarako forma poetiko egokiak aurkitzera bultza egiten diona.

Blas de Otero urtebete baino zerbait gutxiago bizi izan zen Parisen, eta, Espainiara itzultzean, hau aitortzen zuen nolabaiteko ironiaz:“Paris zoragarria eta eramanezina iruditu zitzaidan”.Espainiako jende eta lurrak zehatz ezagutu nahi zituen, eta haiek aztarna sakona utziko zuten haren poesian, utzi ere.Horretarako, 1954ko udan Gaztelako mesetako goi lurretatik bidaiatu zuen, eta handik atera ziren arian-arian herriak, kanpai-horma lerdenak, nekazarien aurpegi belztua aipatzen dituzten poemak.Jende xeheen ahotsak kantutegi eta erromantze-bilduma tradizionalen bitartez oihartzuna izanez, Oterok haietan poesiarik hautena eta garbiena aurkitzen zuen, herriarengan oraindik bizirik, herria, hain zuzen, aho-tradizioaren protagonista eta, aldi berean, gordetzailea zelarik.

Paristik itzuli zenetik, Blas de Otero poesian baino ez zen aritu.Bilbon bizi zen, amarekin eta arreba nagusiarekin, azken horrek amaren etxearen ardura bere gain hartuta.Espainia osoan zehar ematen zituen hitzaldi eta errezitaldiak nahiz poemak hainbat aldizkaritan argitaratzea ziren haren diru-iturri bakarrak; horrek atzera ere azaleratu zuen betiko gatazka, bokazioaren eta familiaren ekonomiari laguntzeko beharraren artean.

Ez zen erraza idaztea diktaduraren hankapeko aberriaren historiarekiko historia pertsonal eta poetiko paraleloa zuen gizon bati isiltasuna inposatzen zion herrialde batean.Era esanguratsuan Pido la paz y la palabra (“Eskatzen dut bakea eta hitza”) izenburuaz jantzi zuen liburu bat argitaratzen saiatu zenean, zentsuraren debekuekin egin zuen topo:hitza mozorrotu egin behar da; bakea berba subertsibo bilakatu da.Azkenean, poema horiek argitara eman ziren, hitz batzuen ordez diktadurarentzat kaltegabeak diren beste batzuk jarririk:“jainkoa” “eguzkia” bihurtu zen; “falangeak”, bestalde, “alanjeluak”.Pido la paz y la palabra lanak 1950eko hamarkadaren erdialdeko poesian izan zuen garrantzia argi geratzen da egunkarietako berrietan. Poesia garaikideko obra mitikotzat eta atzerriko oihartzun handienekotzat aldarrikatu zuten.

Blas de Otero 1956tik 1959ra bitartean Bartzelonan bizi izan zen, eta intelektual katalanen giroetan sartu zen.Zentsurarekin alferreko liskarretan ibili ondoren, En castellano argitaratzeko –hots, Pido la paz y la palabra lanaren ondorengo poemak bildu zituen liburua– Puig Palau haren lagunak aholkatu zion aldi existentzialeko bi liburuak liburuki bakarrean berriz argitara zitzala, garai bereko beste poema batzuekin osaturik.Horren emaitza Ancia izan zen, eta hurrengo urtean 1958ko Kritikaren Saria jasoko zuen.Poema horiek, hala eta guztiz ere, ez ziren libratu zentsuraren erasoetatik, orduan zorrotzagoa baitzen 1950eko hamarkadan baino; izan ere, Ángel eta Redoble poemetatik bertso lerro batzuk kendu zituen, bi liburuetan lehen argitaraldian jada atera ziren bi poematatik, alegia.1959ko otsailean, Antonio Machadori Cotlliuren egin zitzaion omenaldian parte hartu zuen, eta egun batzuk geroago Sorbonakoan, unibertsitate horretan espainiar idazle guztien ordezkari ziharduela.

Espainiar zentsuraren hesi gaindiezinak behartuta, En castellano Frantziako hiriburuan argitaratu zuen, Parler clair izenburuarekin, ele biko edizioan.Poema horiek askatasunarekin gizalegez konprometituriko poeta bat erakusten dute, bai eta bere zoriontasunaren bila ari den gizon bat ere; horrexegatik nahasten dira bi gai horiek En castellano lanaren edizioan.Esan dute hori dela Euskal Herriko idazle horren libururik politikoena, eta daitekeena da hala izatea, baldin aintzat hartzen badugu liburu horretan, mozorrorik gabe, egoera politiko bat salatzen duela; baina, aldi berean, sentitze minbera biluzik agertzen duen liburu bat ere bada.

1960tik 1964ra bitartean hasi ziren poetaren bidaia luzeak, iraultza sozialista nagusitu zen herrialdeetara.Lehenik Sobietar Batasunera eta Txinera, Idazleen Nazioarteko Elkarteak gonbidatua, eta gero, Kubara.Blas de Otero herrialde haietako errealitatea zuzenean ezagutzen saiatu zen, herrialdeotan, hain zuzen, masek protagonismoa hartua baitzuten.Hizkuntza ez jakitea izan daiteke arrazoia Ekialdeko herrialdeak deskribatzen dituzten poemak hain gutxi izateko haren obran.Ez dago halakoetan sozialismoaren gaineko ohar ideologikorik, baina bai sobietar herria bakearen eragilea izateko itxaropena; islatzen dena herrialde horietako paisaia, musika, dantzak dira (“Birmania”, “Un veintiuno de mayo”).Urruneko aberria da poetak entzuten duena oihartzunez Txinako itsaso urrunetan, eta Espainiatik kanpo idatzitako poema horiek hura bera gogoan atxikitzeko saio bat dira.

Blas de Otero, 1961. urtearen bukaeran, Que trata de España liburu berria argitaratzen saiatu zen, baina zentsurak ia poemen heren bat kendu zuen.Murrizketa gogor horrengatik ere, Bartzelonan argitaratzea erabaki zuen, baimentzen zitzaion moduan, Espainiaz eta espainiarrentzat mintzo zen eta osorik aberritik kanpo soilik argitaratu ahalko lukeen izenburu bati desleial ez izatearren.Berehala kontratatu zuen liburu horren argitalpena Frantzian, murrizketarik gabe oraingoan, nahiz eta zentsuraturiko poemetako asko aurrez Esto no es un libro (Puerto Rico, 1963) antologianagertu ziren jada.

Urte haietan Espainiako Errege Akademiaren Fastenrath saria eman zioten, bai eta Omegna Resistenza nazioarteko saria ere.1963. urteko udazkenean Parisa aldatu zen, Que trata de España obrarenaurkezpena egiteko, eta –Espainiako egoera politikoa zela eta– ekitaldi hura diktaduraren arbuio jendetsu bilakatu zen.

Frantziako hiriburuan, 1964aren hasieran, Kubara bidaiatzeko gonbita jaso zuen, “Casa de las Américas” poesia lehiaketako epaimahaikide izateko.Bidaia horretan kubatar herriarekin zuzenean komunikatzea espero zuen –urte haietan herri iraultza bat bizitzen ari zen eta– eta, horrela, Sobietar Batasuneko eta Txinako errealitateak ezagutzeko izan zituen zailtasunak, hizkuntzak ez jakiteagatik, gainditzea.Historias fingidas y verdaderas laneko prosetan –Karibean egon bitartean idatziak, hain zuzen– jasota geratu zen Oterok begiak ongi zabaldu zituela eta bere historiaren protagonistatzat altxatzen ari zen herri bat ikusi zuela, askatasunaren zenbait murrizketez ohartu bazen ere, “agian saihets zitekeena” ahots apalez poetak idatzi zuenez.

Kubatik 1968ko apirilaren 28an itzuli zen Madrila.Prosa guztiz eder batzuen eskuizkribua, Kubako herriarekiko mirespen handia eta ezkontza labur baten esperientzia zapuztua ekarri zituen (“no me pesa el amor, pésame el monte/ del desamor: alrededor la muerte).

Baina heriotza ez da orain metafora bat, haren liburu existentzialetan bezala, benetako mehatxua baizik.Habanan minbizi tumore bat aurkitu zioten, eta horrexen ebakuntza egin zioten Espainiaren iritsi eta berehala.Diagnostikoaren larritasunaren jakitun, Blas de Oterok baretasunez onartu zuen bere patua.Kuban 1966tik 1968ra bitartean Historias fingidas y verdaderas laneko prosa poetikoak idatzi eta gero, heriotzaren aukerak orain suharki eragiten zion haren lumari, eta poema asko sortu ziren handik, Hojas de Madrid geroagoko liburuaren muina eratuko zutenak. Pronostiko guztien aurka, oraindik hamaika urte geratzen zitzaizkion bizirik.Urte haiek poesia narokoak eta ustekabeko zoriontasunekoak izan ziren.Ebakuntzaren ondorengo egun latz haietan, bide guztiak ixten zirenean, poetak atzera ere topatu zuen amodioa, betiko galduta zirudien arren:Bilbo sorlekuko andregaia.Berriro elkarrekin eta betiko jadanik, Madrilen kokatu ziren, eta hiri horretan prestatu zituen poetak zenbait antologia (Expresión y reunión, País, Verso y Prosa, Todos mis sonetos, Poesía con nombres), bere liburuak berrargitaratu zituen, batzuk lehendabizikoz Espainian, En castellano kasu, edo Que trata de España lanaren lehen edizio osoa.Eta poema berriak sortzen jarraitu zuen, hil osteko Hojas de Madrid liburukoak. Bukatu gabe gelditu zen, baina hogeita bost poema aurreratu zituen Mientras (1970) izenekoan, bai eta beste batzuk gehiago ere aipatu diren antologietako bakoitzean, bereziki Expresión y reunión (1969) bilduman.

Madrilgo urte haietan zehar, Blas de Oterok gogokoen zituen zaletasunak berrartu zituen:musika, irakurtzea, zinema edo astiro paseatzea, “ruando/ como/ un perro en la calle,/ amigo de la calle,/ camarada/ de la calle.Adiskide gutxi batzuen lagunartea eta mahaiaren inguruko bilkura txikiak gustuko zituen gizon bat zen.Ez zuen izaten ekitaldi ofizialetarako gogorik, baina ez zituen inoiz ahaztu amarekin eta bi arrebekin biltzea Bilboko etxean.Bidaia laburretan, Espainiako, Portugalgo eta Ingalaterrako lurrak ibili zituen, eta lagun egin zion emazteari –literaturako irakaslea bera– Santanderreko eta Donostiako udako ikastaroetara.Politikako gertaera handietan parte hartu zuen, eta askatasunaren iritsieraren lekuko izateko poza izan zuen, haren luma hainbestetan inspiratu zuen askatasuna izanik, bai eta bere poemak errezitatzeko poza ere, Espainiako demokrazia inauguratu zuen hauteskunde kanpainan.

Heriotza ustekabean heldu zitzaion Majadahondan, 1979ko ekainaren hogeita bederatzian, hirurogeita hiru urte bete eta hilabete gutxira.Biriketako enbolia batek bukarazi zuen bat-batean hilabete lehenagotik bronkio gaixoekin izaten ari zen borroka.